Ekintzaile Eguna Zubiri Manteon

Zubiri Manteoko ikastetxeak Ekintzaile Eguna ospatu du gaur, ekintzailetzaren inguruko esperientziak ezagutzeko eta ikasleen ideiak proiektu bihurtzeko bidean inspirazioa eskaintzeko helburuarekin. Jardunaldia bi hizkuntzatan gidatu da, eta bertan hainbat gonbidatu eta ikasle-taldek parte hartu dute. Aurkezpen lanetan Unai Otegi eta Gabriela Muñoz ikasleak aritu dira, ekitaldiari dinamismoa eta giro atsegina emanez.
Lehenik eta behin, Mikel Martiarena izan dugu gure artean. Urnietarra da, eta bere ibilbide profesionala beti egon da ekintzailetzarekin lotuta; besteak beste, Txilen eta New Yorken hainbat enpresa sortu ditu, eta gaur egun Dorrea gaztandegiko zuzendaria da. Martiarenak bere esperientziak eta bizipenak partekatu ditu, eta ikasleei ekintzailetzaren inguruko ikuspegi aberasgarria eskaini die.
Ondoren, Miren Lauzirika aritu da hitz egiten. EmakumeEkinen sortzaileetako bat eta presidente ohia da, eta ekintzailetzan emakumeek duten rola, estereotipoak apurtzearen beharra eta erreferenteen garrantzia azaldu dizkie ikasleei, tonu praktiko eta inspiratzailean.
Jarraian, Mugarik Gabeko Ekonomialariak taldeko Ane izan dugu. Ikasleek egindako 5 bideo finalistak aurkeztu ditu, eta balorazioen ostean jakinarazi da zein izan den aurtengo talderik onena. Irabazleak Ukitours izan dira, Andrea, Aloña, Víctor, Paula eta Oihane ikasleek osatutako taldea, Maialen Mateos irakaslearen gidaritzapean. Taldeak 150 euroko saria jasoko du Donostiako Saretuz sareko dendetan gastatzeko.
Ekintzaile Eguna inspirazio-iturri izan da, eta ikasle askok ikusi dute nola ideia txiki batek bide luzea egin dezakeen ahaleginarekin eta sormenarekin. Zorionak Ukitours taldeari, eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!

Lotutako berriak