Zubiri Manteo Institutuko heziketa-ziklo desberdinetako ikasle eta irakasleek elkarlanean sortu dute Escape Room tematiko bat, Japonia ardatz hartuta. Ekintza hau Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako jarduera bat da, eta STEAM ikuspegia zein ekintzailetza uztartzen dituen hezkuntza-proiektu berritzaile baten barruan kokatzen da.
STEAM batzordeko irakasleek proposatuta, zikloetako 2. mailako ikasleek beren enpresa-proiektuan txertatu dute ekimena. Horrela, familia profesional bakoitzeko ikasle talde batek parte hartu du hasieratik bukaerara: proba teknikoak diseinatu, ikasgela tematikoak girotu eta atrezzoa prestatu dituzte. Esperientzia hau DBH 4. mailako eta Batxilergoko ikasleekin praktikan jarriko da maiatzaren 5ean eta 12an.
Zer da Escape Room bat?
Escape Room bat esperientzia fisiko eta mental bat da: parte-hartzaileek gela tematiko batean denbora jakin batean erronkak, enigmak eta asmakizunak ebatziz “ihes” egin behar dute edo helburu bat lortu. Elkarlana, logika, komunikazioa eta behaketa funtsezkoak dira erronka gainditzeko. Kasu honetan, esperientzia honek hezkuntza-helburu argiak izan ditu, ikasleen gaitasun teknikoak, artistikoak eta sozialen garapena sustatzeko.
Zorionak ikasleei eta irakasleei proiektu hau gauzatzeko egindako lan handiagatik! Egitasmo honek argi erakusten du elkarlanean oinarritutako hezkuntzak zer nolako emaitza baliotsuak eman ditzakeen.


