Marketin eta Salmenta Kudeaketako ikasleek Indusmedia bisitatu dute Orona Ideon: ikasgelatik haratagoko esperientzia aberasgarria

Marketin eta Publizitateko eta Salmenta Kudeaketako (euskaraz eta gaztelaniaz) lehen mailako ikasleek Indusmedia jardunaldian parte hartu dute gaur, Orona Ideon. Topaketa honek hainbat enpresa eta profesional bildu ditu, euren eguneroko lana eta sektorearen erronkak ikasleekin partekatzeko.

Goizean zehar, ikasleek hitzaldi ezberdinak entzun dituzte, gaur egungo komunikazioan eta marketinean oso presente dauden gaiak jorratuz: nola komunikatzen diren enpresak gaur egun, teknologiak eta adimen artifizialak zer eragin duten, eta nola konektatzen diren bezeroekin modu eraginkorragoan. Hitzaldietan benetako adibideak erakutsi dira, eta sektorean gertatzen diren egoera errealei nola egiten dieten aurre azaldu dute hizlariek.

Ikasleentzat aukera paregabea izan da ikasgelan lantzen ari diren edukiak benetako egoerekin lotzeko. Askok adierazi dute harritu egin direla marketinaren eta salmenten munduan dauden lanbide eta zeregin ugariekin, eta enpresa bakoitzak komunikazio-arazoak konpontzeko duen modu sortzailearekin.

Halako jardunaldietan parte hartzeak ikasleen ikuspegia zabaltzen du, ideia berriak ezagutzen laguntzen du eta ikaskuntza ez dela liburuetara mugatzen gogorarazten die. Gainera, etorkizun profesionalean zer egin nahi duten argitzen ere laguntzen die.

Ikastetxetik oso positiboki baloratzen dugu ikasleek honelako esperientziak bizitzea: ikasgelatik atera, sektoreko profesionalekin harremana egin eta euren ikaskuntza mundu errealarekin zuzenean lotzeko aukera dutelako. Zalantzarik gabe, Indusmediak motibazioa piztu die eta etorkizun profesionalean pauso sendoagoak ematen lagunduko die.

Lotutako berriak