Errealitate Birtuala eta Areagotua protagonista Zubiri-Manteon egindako Gipuzkoa EKINen bigarren jardunaldian

Gaur goizean, azaroak 25, Zubiri-Manteon Gipuzkoa EKIN ekimenaren bigarren jardunaldia ospatu da. Goizeko 9:30etik 13:30era bitartean, parte-hartzaileek teknologia murgiltzaileen munduan sakontzeko aukera izan dute, bereziki Errealitate Birtuala (EB) eta Errealitate Areagotua (EA) ardatz hartuta.

Jardunaldiaren lehen zatian esperientzia inspiratzaileak ezagutzeko aukera izan dugu. Bereziki pozgarria eta aipagarria izan da Echos of the Abyss proiektuaren aurkezpena, Zubiri-Manteoko ikasle ohien eskutik; gure ikasgeletatik ateratako talentuak alor honetan egiten ari den bidea bertatik bertara ikustea oso aberasgarria izan baita. Horrez gain, Basquescout eta Oroi enpresen proiektuak ere aurkeztu dira, eta Yeray Marcosek (Eywa Space) gidatutako dinamika baten bidez, ideiak sortzeko eta sormena lantzeko tartea izan da.

Atsedenaldiaren ondoren, teoria praktikara eramateko txanda iritsi da. Bertaratutakoek hainbat tailer eta saio praktikotan parte hartu dute Tknika, BIC Gipuzkoa (Ainhoa Unamuno), Uptek (Juanjo Gómez) eta gonbidatutako enpresen laguntzarekin.

Goiz borobila izan da, ikasle zein irakasleei punta-puntako tresnekin esperimentatzeko, sektoreko profesionalekin harremanak estutzeko eta etorkizuneko aukera berriak irudikatzeko aukera eman diena.

Lotutako berriak