Zubiriko Goi Mailako Salmenta Kudeaketako eta Erdi Mailako Merkataritza Jardueretako ikasleek JYSK dendara eta haren biltegira bisita egin dute, Urbil merkataritza-gunean. Bisitaren helburua logistika-prozesuak bertatik bertara ezagutzea eta ikasgelan landutako edukiak benetako lan-ingurune batean ikustea izan da.
Bisitan zehar, ikasleek dendaren eta biltegiaren antolaketa ezagutzeko aukera izan dute, baita salgaien kudeaketaren eta hornikuntza-logistikaren eguneroko funtzionamendua nolakoa den ikustekoa ere. Horrez gain, produktu bat dendara iritsi arte eta bezeroarentzat eskuragarri egon arte egiten den lana hobeto ulertu ahal izan dute.
JYSKeko langileek ikasleekin batera egin dute bisitaren ibilbidea, eta haien eguneroko jardunaren nondik norakoak azaldu dizkiete. Haien esperientziari esker, ikasleek logistika-lanaren errealitatea ezagutzeaz gain, sektoreko profesionalen lana gertutik ikusteko eta zalantzak argitzeko aukera izan dute.
Horrelako bisitek prestakuntza teorikoa eta lan-mundua lotzen laguntzen dute, ikasleei ikasitakoa egoera errealetan kokatzeko aukera emanez. Era berean, merkataritzaren eta logistikaren arloko lanbideak ezagutzeko eta etorkizuneko jardun profesionalerako funtsezkoak diren ezagutzak eta gaitasunak garatzeko balio dute.
Zubiritik, eskerrik asko JYSKeko taldeari bisitan emandako harreragatik, azalpenengatik eta gure ikasleekin izandako lankidetzagatik.